
Easo plazako komunak irekitzea nahi du Amara Bai Auzo Elkarteak
Amara Zaharra
Hamar bat urte dira komunak itxita daudela; Amara Baik kartelak jarri ditu eta sinadurak bilduko ditu
raul perez
Udalak Easo plazako komunak ireki ditzan nahi du Amara Bai Auzo Elkarteak. Pixa egin nahi dut lema duten zenbait kartel jarri dituzte komunen atarian eta beste hainbat ipiniko dituzte beste hainbat tokitan.
Auzo elkartekoek gogora ekarri dute duela hamar bat urte itxi zituztela Easoko komunak eta dutxak. Ixteko arrazoi garbirik ez zutela eman gaineratu dute. « Bertan lanean ziharduen emakumeak erretiroa hartu zuen eta orduan itxi egin zituzten. Harrigarria da itxi aurretxoan komunak berritu egin izana».
«Eragozpenik ez»
Ez da auzotarrek komunak irekitzeko eskatzen duten lehen aldia. Hain zuzen ere, duela bost urte Udalera jo zuten «eta haren txosten teknikoak agerian utzi zuen ez zegoela eragozpenik komunak irekitzeko». Orain, aldiz, auzo elkarteak badaki lanak egin beharko lituzketela. «Urteak daramatzate itxita eta hodi guztiak eta abar herdoilduta egongo dira».
Amara Baikoek diotenez, auzotarren babesa dute. «Jendeak komunen falta botatzen du eta hurbildu zaizkigu gurekin bat datozela esateko. Ukaezina da behar-beharrezkoak direla, Urbieta kalearekin batera Easo delako Amara eta Erdialdearen arteko pasabide naturala». Gaur egun, komunak itxita daudenez, Udalak herritarrak, nolabait, kontsumitzera behartzen dituela dio auzo elkarteak, «komunera joan behar badu tabernaren batera sartu beharra baitu».
Udal Gobernuaren 2008ko aurrekontuan Araba parkean bere kabuz garbitzen den komuna jartzea jasota dago. Horrek kezka eragin zien Amara Baikoei, uste baitzuten Araba parkean komuna jartzeak Easo plazako komunei atea itxiko ziela behin betiko. Hala ere, auzo elkartekoek diotenez, Udalarekin harremanetan jarri dira eta Araba parkean bere kabuz garbitzen den komuna jarri edo ez erabaki gabe dagoela ziurtatu diete.
Easo plazari begira
Amara Bai Elkarteak komunak irekitzeko eskaera egitasmo zabalagoaren barruan sartu nahi du. Hain zuzen, Easo plaza biziberritu nahi dute. «Plazaren bi zatiek bat egitea nahi dugu. Kioskoak ez du gauza askorako balio, kontzertuak ematen dituztenean oholtza jarri behar dutelako. Eta pergolak ere ez du erabilpen handirik», adierazi dute.
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.